martes, 28 de diciembre de 2010

Erreportaiak

Oraingoan lau erreportaien inguruko ariketa proposatu digu irakasleak. Telebistan emanak dira, bi luzeak eta beste biak laburrak. Kazetaritza egiteko modu honek zein esparru zabala eskaintzen digun jakin ahal izan dugu, baina baita zenbat akats egiteko arriskua duen ere. Lau erreportaiak nahiko desberdinak dira euren artean eta berezitasunak aipatzeko, onena banan-banan aitatzea:

1.- Googlei buruzkoa: Lehenik eta behin, esan behar da, aurkezleak bapateko itzultzaile papera hartzen duela. Erreportaia berez alemanieraz egina da eta aurkezleak entzun ahala itzultzen du ahotsa. Oso narratsa da hori egitea, asko moteltzen du jarduna eta, gainera, nire ustez, kazetariari merezi ez duen protagonismo bat ematen dio. Ez hori bakarrik, tonu monotonoan hitz egiten du, bizitasunik gabe eta inprobisazioak eraginda behin baino gehiagotan nahastu egiten da. Bi ordukoa da erreportaia eta modu horretan emanda ez dago inola ere irensterik.

Eta, erreportaiaren kalitateari zuzenean helduta, onartu beharra dago, nire ustez, nahiko aberatsa dela. Irudi aldaketak nahi adina egiten ditu, mapak eta karteltxoak lotsarik gabe sartzen ditu eta alde bateko eta besteko testigantzak partekatzen ditu. Pena koskaka ikusi behar izatea eta ez jarraian, behar den bezala, izan ere, gaia gaurkotasun itzelekoa da. 



2.- Linux: Aurrekoan ez bezala, honetan badakigu erreportaia zein testuingurutan eman den, hau da, albistegi batean. Hasteko, hortaz, objektibotasun markatu xamar bat eskatzea zilegi da. Eta, horretan dago lehen hutsa. Objektibotasun eskasa du, objektibotasunaz jarrera bati baina gehiagori tokia egitea ulertzen badugu behintzat. Oso postura nabarmena du berriemaileak. “Zertan datza fenomeno honek?...” galdera horrekin irekitzen du erreportaia eta hortik aurrerakoa kasik merchandising hutsa da. Esan dugunez, testigantzek aktitude bat, postura bat bakarrik islatzen dute eta horrek erreportaiaren arau garrantzitsuenetako bat hausten du. Ez hori bakarrik, berriemaileak testigantzen bidez lortu duen irudia berresten du amaieran, oso agerian bere iritzia emanaz: “indibidualismoekin amaitzen du eta benetako komunitate bat osatzen du”.

Aitzitik, infografia eta ikonografia egokiez ornitzen da erreportaia. Hitzekin bat egiten duten irudiak ematen dira, eta ez dago gehiegi luzatzen den sekuentzia edo efektorik. Alde horretatik egokia iruditu zait.



3.- Formakuntzaz: Erreportaia eskas xamarra aukeran. Lekukotasunetan du oinarria, errealitate bat bertako partaideen testigantzen bidez helaraztea du helburu, baina moduak asmo ona estaltzen du. Motela da oso, planoak luzexkoak dira eta testigantzen artean ikuslea adi mantenduko duen zerbait faltan sentitzen da. Testigantzak kateatu besterik ez ditu egiten aurkezleak, inolako efektu, musika edota, sikera, intonazio aldaketik gabe. Egia da elkarrizketatuei eta irudiei ematen zaiela hitza erreportaia honetan, bi elementu horiek ematen dutela aurkezten denaren berri, baina erreportaia batek aberatsagoa izan behar du. Daturen bat edo beste ematen du aurkezleak, baina ezer gutxi gehiago. Erreportaia ez dago hornituta. Eskasa, hortaz.



4.- Egunkaria: Lauetan biribilena, dudarik gabe. Egunkaria itxiz geroztik abiatu eta Berria gaur dena arte, komunikazio talde baten historia, lan-sistema eta egunerokotasuna gerturatzen dizkigu. Benetan, gai baten berri ematen du.

Hitzik gabe, sotilki, fenomeno osoa nola uztartu zen, huraxe islatzen duten irudiak ikusirik jasotzen dugu. Eta, bertako kideek burua altxa bezain pronto, erreportaiak ere irmotasuna, bizitasuna hartzen du. Fenomenoa indartu ahala, erreportaia argitzen joaten da eta Berria zer den eta nola lan egiten duen kontatzen da, Egunkariarekin egindakoaz diharduten kolore guztietako pertsonaien testigantzak tartean sartuaz. Benetan osoa da lana. Musikak leuntzen ditu, saltoak; testigantzetatik kontaketarakoak eta alderantziz. Kazetariek beraiek nola lan egiten duten erakusten digute, erreportaiak egunkariaren sekzioetan barrena egiten duen bidaian. Horretan, iruditzen zait bete-betean asmatzea dela bertako ahotsa helaraztea, esan nahi dut, ez inori mikro propiorik jartzea baizik eta giro-soinua eskuratzea. Gabineteak egiten dituen bileratan ahotsa horrela jasotzen dugu, eta benetan gabinete horren partaide garela dirudi.

Kronologikoki oso ondo eramana dago; egunkari baten itxiera hartu abiapuntu, eta berria inprentan inprimatu eta gero banatzaileek nola banatzen duten erakutsiaz bukatu. Areago, irakurle berrien eskuetan erakutsi. Aurkezlea isilik mantentzen da. Oso humanoa iruditu zait, konplizitate itzela sortzen duelako. Biktimek eurek kontatu dute albistea. Ez dago hori baina ezer hobeagorik.

miércoles, 22 de diciembre de 2010

Gaztelua

Teknologia sekulako erreminta da, baina batzutan ordutako lana pikutara bidali dezake. Ezjakintasunak eragiten du, batez ere ikasi ez bada... Kontua da gure lana eginda dagoela, baina azkeneko klikak atzera bidaltzen digu. Eta, orain zer? (2010/12/22)


Arazoak arazo, azkenean lortu dugu bideoa youtuben eskegitzea. Ez dakit eskegi gabe ez ote zegoen hobe, baina bueno...
Esan behar da edizioan bakarrik ez, grabatzean ere arazoak izan genituela. Urtubiako "jaunak" kasik kotxearekin harrapatu gintuen, handik bota baino lehen... Oso atsegina izan zen. Hortaz, irudiak ez dira beste mundukoak, bertan segitzea ez baitzen ideia ona. Gaizki hasi ginen eta gaizki bukatu. A ze komeriak!

Hona hemen, gehiago luzatu gabe, atera zaiguna:

martes, 21 de diciembre de 2010

Jane Harten zerrenda

Jane Hartek sareko ikasketetarako erreminta gustokoenen zerrenda atera du aurten ere. Hona hemen horren berri:


viernes, 17 de diciembre de 2010

Youtuben zeintzuk dute arrakasta, enpresek edo prosumerrek?

Nire ustez,Youtuben gehienbat enpresek dute arrakasta. Euren lanaren edo produktuen eskaparate bilakatu dute webgunea. Prosumerrek lehenago eskura ez zuten baliabide bat topatu dute euren lanak munduratzeko, baina, aitzitik, hori kapitalizatzen azkarrenak enpresak direla iruditzen zait. Hala ere, ez dut uste hori kalterako denik. Azken batean, youtube doako webgunea da eta enpresek, hortaz, etekina besteen kontura bai, baina besteei eragin gabe lortzen dute.

Jarraian dugun bideoko "mutikoak" sekulako arrakasta lortu du itxuraz bere logelan gabatutako honakoa bezalako bideoekin. Diru dezente egingo zuen, gainera. Prosumerrei youtubek eskaini dien eskaparate eta diru-iturri berri honen indarra zenbaterainokoa den ikusteko adibide egokia da. Gutxirekin, zer lortu daitekeen, alegia.


miércoles, 15 de diciembre de 2010

Elkarrizketatuak elkarrizketatzaileak baina gehiago dakienean…

Kazetariek maiz hanka sartzen dute. Ezin da dena kontrolatu, dena jakin. Edozein albiste, edozein elkarrizketa, edozein erreportai idazteko prest egon behar dute eta, horrek, noski, ezagutzari dagokionean arrisku handiak ezartzen dizkie. Sarritan, euren abilidadeagatik, dela disimulorakoa, dela hitzerakoa edo dela elkarrizketatua beretzekoa, egindako hutsa estaltzea lortzen dute. Baina, ai, elkarrizketatua errebelatzen denean!

Iñaki Perurenak telebista ezagutzen du. Badaki zer den elkarrizketa bat eta badaki bere txanda denean hitz egiteko aukera osoa duela. Konfiantza du, eta elkarrizketatzaile batek, edozein dela ere, ez du lotsatuko, hartara. Horregatik, inolako asmo txarrik gabe, kazetariaren huts egiteari aurre egiten dio, ez dagoelako inori lana polita uzteko, baizik eta berea esateko. Horretarakoxe da berari egindako elkarrizketa, ezta? Lezio bikaina ematen dio kazetariariari zuzenean, baina baita kazetaritzari orokorrean. Sarritan pentsatzen da, kameren mundua kazetariarena izateagatik gauzak bere kontrolpean mugituko direla eta nahi bezala maneiatuko duela produktua. Baina, ez da hala. Elkarrizketatua ez da gutxietsi behar eta hitzak ez dira bote-prontoan bota behar. Bestela, kasu honetan bezala, norbaitek nabarmen utzi zaitzake. Umiltasun lezioa da Iñakik oharkabean ematen diguna. Baina, baita jakintza lezioa ere. Ez euskaldunez dionagatik bakarrik, baizik eta aldarrikatzen duenagatik. Denok ezagutza minimo batzuk izan behar genituzke; zer garen eta zergatik jakiteko mina derrigorrezkoa da. Hori, gutxienez.

Kazetariak elkarrizketa ondo prestatuko zuen, baina bere ezjakintasunak salatu du. Konpontzen saiatu da, baina okerragoa izan da. Beste norbaitek, gauzak ondo, berak nahi zuen erantzuna emango zion, topikoren bat, ziurrenik. Baina, Perurenak ez du errola mantendu, ez da kazetariak prestatutako itxituran sartu. Hitzei kasu egin die, eta frenoari saka dio. Handia, benetan.

Kasu honetan, inoiz baina gehiago, elkarrizketatuak elkarrizketatzaileak baina gehiago dakiela argi utzi du.

Elkarrizketaren alderdi teknikoari dagokionean, esan dezakegu, ikusteko atsegina den elkarrizketa dela. Perurenari plano-ertainak ematen dio hitza eta elkarrizketatzailea sekula ez da bakarrik agertzen. Elkarrizketa bat egiten ari dela nabarmentzen du horrek, ez dagoela luzimendutarako, nahiz eta hitzek huts egiten dioten. Plano kontra-plano jokoa egiten da, zeinek hitza hartuko. Perurenak espresibitate handia duenez, haren keinuei kasu egiten die kamarak eta hori, nire ustetan, asmatzea da. Izan ere, elkarrizketatuaren dinamismoa hobeto islatzen da horrela. 


martes, 14 de diciembre de 2010

Irrati eta telebistan informazio-iturriak urriak eta eskasak

2008an argitaraturiko “Radio y TV: ni siquiera una fuente por pieza” artikulua irrati eta telebistetako informazio-iturrien azterketa da. Dioenez, albistegietan informazio-pieza bakoitzeko 0.71 iturri erabiltzen dituzte. Eta, askotan, bostetik batean, informazioarekin loturarik ez dutenak dira. Areago, kontrajarri gabeko iturriak dira, bakarrak eta kasik kazetariak dauden horretan onartzen dituenak. Bestalde, iturri ofizialak dira nagusi (%70 inguruan). Prentsan, berriz, %40ra ez dira iristen. Horrek, telebistaren joera erakusten du, irudi eta soinuen beharrak prentsaurrekoetara mugatu duelako, hein handi batean. Zer gertatzen da? Kasuen %78.95an iturriaren eta berriemailearen interesak bat datozela. Okerrena zera da: aztertutako kazetariei egindako inkestan denek (%98) azaltzen dutela iturrien kudeaketa egokiaren aldeko kontzientzia. Gaurko kazetaritza.

Pisuzko pertsona batek zerbait dioenean, zerbait gertatzen da



domingo, 5 de diciembre de 2010

Komunikabideen indarra

“Tun-turun-turu tun-turu-turu tun-turu...”. Instanterako, larridura: ze pasa da??? Hasierako sintoniatxoak adi-adi jartzen zaitu. Begiak pantallan iltzatzen dituzu, notiziaren berri ematera doaz. Berriemailea abiada bizian eta tonu larri-modukoan jarduten da. Denborarik galdu gabe, gertakariaren inguruko irudiak eskaintzen zaizkizu. Gertakaria non eta noiz ematen ari den adierazteko mapatxoa kokatu dute pantallaren ezkerraldean, ez dago azalpenetan luzatzeko astirik. Kontua larria da, antza.

Irudiak erreskan, ziztuan pasatzen dira. Emakume baten adierazpena, gizon batena... Erabat katiatuta zauzka berriak, nahiz eta zertaz diharduen oso ondo jakin ez. Amua oso-osorik irentsita daukazu. Sintonia aldaketa etengabeek intentsitatea ez galtzea baliatzen dute, eta artean, berriemaileen tonuak larritasun tankera mantentzen du. Hartza bat arrain bat harrapatzen? Bapatean, grafiko bat azaltzen da, albistea osatzera datorrena. Zer gehiago? Bada, aditu baten hitzak. Eta, senatua! Gomendioak al ziren tartean? Ez dit irakurtzeko denborik eman!

Konturatzerako albistea amaitu da. Geratu zaizun tonto aurpegia nabarmen xamarra da, bai. Hartz batez ari ziren, lasaigarria botea zioten hartz “arriskutsu” batez!

Ironiaz egindako albiste honek, telebistak dituen baliabideak uztartzeak zein eragin sor ditzakeen erakutsi digu. Baliabide horiekin, berez nahiko surrealista den egoera bati, larritasuna eman zaio. Eta, hori, mezuaz gaindi dagoen zerbait da, alegia, internazionala. Hizkuntza jakin gabe, ezer ulertu gabe, albiste hori ikusita zerbait larria dela pentsatzen duzu. Zuk eta txinatar batek, edo arabiar batek. Edizioaren eta trataeraren baitakoa da.

Albistea oso ondo egituratuta dago nire ustez, baina beharbada abiada handiak hainbat momentu garrantzitsu aurrean eramatea dakarkio. Gomendioak erakusten direnean, ez du inola ere ez irakurtzeko astirik ematen. Eta, senatua begiak kliskatu orduko desagertu egiten da. Apropos egina da, nire iritziz ironia itzelarekin, baina egin behar ez denaren adibide garbi gisa hartu dezakegu.

Zenbat aldiz engainatu ote gaituzte horrela? Zenbat aldiz saldu ote digute garrantzitsu bezala hala ez dena? Komunikabideen indarra...