lunes, 18 de octubre de 2010

Etorkizuneko ikasgelak

Lehengoan Gorka Jakobe  Palaziok Madrilen eman zuen hitzaldi bat entzun eta ikusteko aukera izan genuen. Arazo tekniko askotxo eta atzerapen bat tarteko, hainbat informazio-flash jasotzeko aukera izan genuen etxeko ordenagailutik adi geunden ikusentzuleok.

Unibertsitateen etorkizunaz jardun zen irakaslea. Internet eta informatika direla irakas-sistema berrien giltza esan zuen, eta horiexei heldu behar diela kalitatezko irakaskuntza eskaini nahi duen zentru orok. Informatikan gastu txikia, sekulako inbertsioa izan daiteke ikasleen etorkizunean, eta horretaz ohartu ez dena berandu dabil honezgero. Zbyte gutxi batzuk, ikasle askoren lana bil dezakete eta ez dago hori baina ezagutza-gordailu hoberik. Horixe zen Palaziok aldarrikatzen zuena eta saldu zuena. Arbelari kainoiak tokia egin behar dio, eta fotokopiei internet-konexioak.

Halaxe da: Internetek sekulako ezagutza-ozeanoa jarri du gure eskura eta bertan igeri egitea baina hoberik ez dago gorputza jakituriaz bustitzeko. Jakin egin behar, ordea, eta horretan pedagogia handia egin beharra dago. Ur-handitan sartzeko, aurrez txikitan jarduten jakin behar da eta, hartara, unibertsitateek erantzukizun handia dute ikasleei pausu hori taxuz ematen laguntzeko. Noski, ikasbide zaharrak ez dira ahaztu behar. Inola ere ez! Garena zerbaitegatik gara, eta horregatik liburu eta informazio-iturri "zaharrei" errespetua eta kultoa zor diegu. Baina, internetena mundu berri xamarra den arren, sekulako abiaduran doa. Eta, horregatik, zenbat eta lehenago maneiatzen eta probexten ikasi, orduan eta hobeto prestatuta egongo gara komunikazioaren gaurko erronkei aurre egiteko.

Eta, azkenik, Interneten munduak irekia izan behar duela aldarrikatu zuen Palaziok, hau da, nolabaiteko eduki esparru publiko bat. Jakina da sareko informazio asko pribatizaturik dagoela kontraseña edo erregistropean, baina... zer esan? Kapitalismoaren mundu honetan, azken finean, internet gizartearen ispilua ere bada. Eta, zeinek saltzen du berea ezeren trukean??

viernes, 1 de octubre de 2010

"Tuboa" eta mundua



Bideoa ikusita eta hizlariaren tonua eta jarrera ikusita badirudi esandakoa sinestea dela onena, eta “begiak irekitzeko” gonbita onartzeko garaia dugula. Nik, egia esan, ona eta txarraren mundu honetan, gauzak erlatibizatzera jo dut, baina egia esan behar badut, gustatu zait hitzaldia, alegia, gustatu zait esandakoa.

Egun, jendeak telebista, “tuboa” du edozertarako gidari: telebistaren arabera egiten ditu jarduera gehienak eta telebistak baldintzatzen du egunerokotasuneko joan-etorri oro. Gauzak zalantzan jartzeko, gauzen inguruan hausnarketa egiteko joera galdu egin da eta halako erantzukizuna, nire ustez munduan mugitzeko ezinbestekoa dena, telebistari, hau da, pertsona ezezagun bati eman zaio. Zehazkiago esanda, interesez beteriko mundu mailako enpresa bati. Eta, noski, horren arriskua izugarria da. Zer esanik ez masaz ari garela kontuan hartuta...

Hizlariak dioenez, makineria konplexua da entretenimendua: okupazioa eskaintzen zaio gizakiari horrela arreta galdu eta pantailatik jasotzen duena muzin egin gabe jan dezan. Bat nator neurri handi batean teoria horrekin, izan ere masa hedabideen helburu nagusi izan edo ez, eskaintzen dituzten eduki askok pertsona “tontotu” egiten dutela uste baitut, alegia, inolako baliorik ez dutela. Horrek ondorio batera eramaten nau eta, horixe, hain justu, hizlariaren tesia da, hau da, pertsonak oharkabean euren burua kaltetzen ari direla. Eta, horrek funtsean ez luke zertan txarra izan behar, izan ere gizakiak betidanik behar izan baitu entretenimendua. Baina, muga bat hautsi dela iruditzen zait eta entretenimendua errealitate, entretenimendua egi bihurtu dela uste dut. Gizakia nahastuta, galduta dagoela, bestela esanda.

Ikuspegi apokaliptiko xamarra da, telebista egungo ebangelioa dela, generazio oso bat dagoela telebistaz haratagoko mundurik ezagutu ez duena, ... hausnarketarako gaia dela ez dago dudarik.

Aitzitik, zalantza moduko bat sortzen zait, eta paradoxikoa da, baina zergatik sinestu hainbeste kritikatzen duen “tubo” horretan bertan hizketan ari zaidanari?

Gauza bat dut argi, eta horrekin bai bat nator: masa-hedabideak mundua kontrola dezaketen armak dira.