sábado, 20 de noviembre de 2010

Carlos Fernández Liriari elkarrizketa


“Mendebaldeko zibilizazioen gezur handiena euren buruei Zuzenbidezko Estatu deitzea da”

“Europa kontzentrazio-esparru bat da, baina alderantziz”

Gaurkoan Carlos Fernández Liria Universidad Complutense de Madrid-eko filosofia irakasleari egindako elkarrizketa ikusi ahal izan dugu. Latinoamérica da mintzagaia, haren historia eta gaur egungo egoera. Benetan interesgarriak dira Mendebaldeko herrialdeek historia horren sorreran izan duten eraginaren inguruan egiten dituen gogoetak: “Testu-liburu askotan espainiarren Amerikaren deskubrimendua izan zela irakurri dezakegu, esaterako. Baina, zer deskubrimendu? Bertakoek jada ezagutzen zuten eta! Amerikaren konkista izan zen hori, inbasioa!”. Elkarrizketaren nondik-norakoa markatuko duen aipamena izango da hori, eurena dena aldiro kendu nahi izan dioten lurralde gisa deskribitzen baitu Liriak Hego-Amerika. Hori bakarrik ez, bertako inmigranteekin Europak duen jarrera salatzen du, “Europa nazienen gisako kontzentrazio-esparru bat” dela adieraziz, “baina alderantziz”, hau da, “hil nahi dituenak alanbradatik kanpo nahiago ditu”. Hartara, Zuzenbidezko Estatua “hipokresia hutsa” dela esatera ere ausartzen da, betiere argudio landuez lagunduta.

Areago ere badoa bere ustea, eta dioenez, “kapitalismoak eta Gobernuen menpekotasunak mundua suntsituko dute”. Europako Legeak ez omen daude korporazioen gainetik eta horrela Gobernuak kapitalismoaren titere modukoak besterik ez direla dio. “Horren kontrako jarrera, besteak beste, Venezuela eta Boliviak hartu dute eta baita, neurri batean Argentinak ere”, gaineratzen du, baina “sistema ekonomiko mundiala” horren aurka jarri dela berehala.. Horregatik, hausnarketarako gonbita egiten du Fernández Liriak.

Europak lurralde horien berri ematerakoan duen “ikuspegi etnozentristak”, gu denon ustea nola baldintzatzen duen konturatuko gara. Ados izan ala ez. Baina, behintzat herrialde haiei arreta eta errespetu handiagoa zor diegula aitortu beharko dugu, ziurrenik. Gure ezjakintasuna agerian geratu daiteke. Dena esate aldera, komunikabideek sortu dutena...

Elkarrizketa motza, baina heldua, argia eta gaurkotasun itzelezkoa, bada.

http://revelacionalgeciras.blogspot.com/2010/07/entrevista-carlos-fernandez-liria.html

domingo, 14 de noviembre de 2010

RSSak

RSSak pixkanaka bidea egiten ari dira sarean. Ziurrenik denok ikusi ditugu argazkikoa bezalako sinboloak, baina inor gutxik daki zer gordetzen duten atzean. Sekulako baliabidea dira, izan ere bertan klik egin eta eramaten zaituen web-orriko harpidedun eginez gero, bertako azken albiste guztiak automatikoki jasotzeko aukera ematen dute. Bestela esanda, nobedade bila interesatzen zaizkigun web-orrietan sartzen aritu beharrean, baliabide honek nahi dugun euskarrian (mobila, ipod, ordenagailua...) nobedade guzti horien berri ematen digu.

            Honen harira, badira hainbat RSS-iturri biltzen dituzten guneak. Batekin nahikoa ez, eta iturri asko bateratzen dituzte euren RSSan. Beraz, sekulako erremintak dira. Hala, kazetarientzako interesgarri izan daitekeen blog hau topatu dut: http://www.10000words.net/2008/10/20-essential-rss-feeds-for-multimedia/Bertan, kazetarien jardunaz aritzen diren web-orri interesgarri askoren azken artikuluak azaltzen dira. Iruditzen zait interesgarria izan daitekeela kazetaritzaren munduan interesa duen edozeinentzat zein artikulu kaleratu diren jakin ahal izatea, bila ibili behar izanik gabe. Hori bai, ingelesezko iturriak dira eskaintzen direnak.

Hizkuntzarekin handikapa dugunok, sarri ingelesa baztertu egiten dugu nagikeria hutsagatik, beldurra ematen baititgu testuok irakurri beharrak eskatuko digun esfortzuan pentsatze hutsak. Baina, eskura emateak bilatzearen lana behintzat errazten digula aitortu behar da. Alferroi aitzakiak bukatzen ari zaizkigu sarean...  RSSak, hortaz!

sábado, 13 de noviembre de 2010

Venezuelako enbaxadorea EHUn: "Historia garaileek idazten dute"

Bideo honetan Julian Isaías Rodriguez, Venezuelak Espainian duen enbaxadoreak, EHUn emandako hitzaldia dugu ikusgai. “La otra historia de la Independencia” konsignapean, Amerikaren historiaz jarduten da. Kolonizazioak gizarte oso bat, historia oso bat hankaz gora nola jarri zuen azpimarratzen du, eta gaur egun, Hego-Amerikan sortu diren mugimendu batasun-zaleei azalpena eta zentzua ematen saiatzen da.

            Hitzaldia bukatu eta bideo osoan zehar barruan izan dudan pentsamenduak erabat harrapatu nau. Venezuelako enbaxadoreak hasiera-hasieratik hartzen du jarrera kritikoa. Ohikoa duten bezala, Venezuelarren erretorika apartarekin aldarrikapenezko bilakatzen du hitzaldia. Eta, horregatik, denbora guztian jardun naiz hitzen jatorria, zergatia eta egiazkotasuna bilatu nahian.

Konbentzimendu osoz mintzatzen da. Hego-Amerikaren kolonizazioaren gorabeherak zuritzen ditu, argudioak izan ala ez, egiazko bertsioa, bakarra, berea balitz bezala. Espainiarren jarrera salatzen du, beste ezeren gainetik. Ustezko gizarte zibilizatuak, begiramenik gabe hiru gizarte oso nola zapaldu eta suntsitu zituen kontatzen du. "Aborigenei ez zitzaien ezer onartu, eta ez zuten inolako begiramenik izan haien jarrera aitortzerako orduan", dio Rodriguezek. Alegia, inork ez zuela haien eginahalaz, haien erresistentziaz zor zitzaiena kontatu. Rodriguezek esaten duenez, “herrien duintasun, balio eta kultura ezkutatzeko, baina baita herri baten balore handienak bazterreratu eta garaipena betirako azpimarratzeko” egin zen hori.

            Mina nabari da enbaxadorearen hitzetan. Zerizana kendu dioten herri baten ordezkari gisa hitz egiten du, kolonizatzaileek euren lurretan emandako pausuek euren zoriona zapaldu balute bezala. Apaldura aipatzen du, bere herriak jasandako humillazioa. Eta, horrek dena azaltzen du, nire ustez. Berez dena aitortzen ez zaion herri bat, beste batzuen eredua indarrez onartu behar izan duen herria iraindu egin dute halabeharrez, gutxietsi. Sentimendu hori ez da galtzen, eta beste hainbeste lurraldeetan gertatzen denez, herri bati kohesio eta izaera sendoagoa ematen dio. Eta, horixe gertatzen ari da Hego-Amerikan, nire ustez. Kapitalismoak bere hatzaparrak gainean jarri eta aspaldiko mamuen itzala igarri dutenean, eskua eman diote elkarri, berriz ere lehenagokorik ez gertatzeko.

            Ondorioak ateratzeko egokiena bideoa entzutea da, noski. Ni ez naiz Venezuelako kontuetan espezialista eta ez dakit zenbateraino datorren bat bere jarduna enbaxadorearen hitzekin. Rodriguezek dio bere gobernuak “zoriontasun handiena” lortu nahi duela, “inor hil gabe, inor bere baldintzengatik bazterreratu gabe”. “Herrialdeen arteko batasuna espirituala izango da eta ez materiala”, gaineratzen du. Hau da, bizilagunen arteko laguntza emateko prest egongo den nazio bat, Simon Bolivarrek amestu bezala.  Baina, ezer gutxi gehiago. Oinarri gutxi aipatzen dira, eta horrek sortzen dizkit zalantzak niri behintzat. Hitzaldi iraultzaile asko entzutean horixe gertatzen zait. Iruditzen zait promesa handiak egin, baina oinarriak aipatzea ahaztu egiten dela. Hala ere, mesfidantza baina indar-iraultzaile handiagorik ez dago munduan, akaso mendekua, eta, horixe da, hain zuzen, Venezuelak alde duena. Historia bere odolaz bakarrik ez, bere eskuaz idatzi nahi du.

            Baina, beno, lehen ere esan dudanez, behar baino gutxiago dakit Venezuelaz, eta hitzaldi bat entzunda eta periodiko “europeizatu” batzuen kontaketez ezin dut ondorio sakonik atera. Beharbada zuek bai. Bideoa hementxe duzue:


Venezuelako enbaxadorearen hitzaldia from Derinter Online on Vimeo.

viernes, 5 de noviembre de 2010

Edizioaren garrantzia

The Collective taldearen film honetan bideo batean parte hartzen duten elementu guztiak egoki uztartzeak duen garrantzia ikusi ahal izan dugu. Bideo bat egitea ez da irudi piloa hartu eta horiek elkarren jarraian lotzea. Efektuek, trantsizioek, musikak, zer esanik ez, izugarrizko garrantzia dute, eta horiek erabakitzen dute sarritan produktu baten bikaintasuna. Ez hori bakarrik, filmari izaera ematen diote.

Diodanez, bideo bat elementu askoren arteko nahasketaren emaitza da. Jaitsierako Mendi Bizikleta kirol zirraragarria da, urduria, bizia. Dena etenik gabe ematen da eta hori ikusleak jaso egin behar du. Horretarako, helikopteroko irudiek txirrindularia dabilen inguruaren gorabeheren berri ematen dute eta magnifikatu egiten dute jarduera, txirrindularia paisaia zoragarri bateko aktore bilakatuz. Plano motzagoek, biraketa bakoitzean daudenek, berriz, zirrara ematen diote kontaketari. Txirrindularia agertu, eta instant batean, desagertu egiten da, begiaren ihesi balijoa bezala. Ikuslea adi jartzen du horrek, abiadura arma galanta baita horretarako. Eta, ezin ahaztu protagonista mundukotzen duten irudiak, non aktore nagusiak “gorentasun aura” moduko batean biltzen diren. Horrek karakter izugarria esleitzen du! Azkenik, txirrindulariaren artea erakusteko, travellingez hartutako irudiak erakusten zaizkigu. Dena, noski, espreski doitutako efektu eta musikaz lagunduta.

Hortaz, produktu finala edizioaren baitan dagoela ez dago dudarik. Bideoari izaera, zentzua eman behar zaio eta horretarako plano egokiak hartzetik hasi eta edizio-gelan bukatu behar da lana.

Zirrara gustoko duenak, filmaren zati honekin gozatua hartuko du:



jueves, 4 de noviembre de 2010

Bi aurkikuntza

On-line edukien alde nago! Horixe esan behar dut Mikel Aiestaranen hitzaldia jasotzen duen bideoa ikusita. Inork grabatu eta sarera igo ez balu, ez nukeen horren interesgarria iruditu zaidan saioa entzuteko aukerarik izango. Harri eta zur utzi nau eskuko kamera batek izan dezakeen baliagarritasunak. Emaitzak praktikan ikusten omen dira... Bada, zer esan! Aiestaran zegoen gela hartantxe bertan aurkitu naiz ni ere, bertako solasaldien partaide.

Esan dudanez oso interesgarria iruditu zait hitzaldia. Aiestaran bere lanaz jardun da: Freelance izateak zer gorabehera eta zein eskakizun dituen, nola egiten den lan gatazkan dagoen herrialde batean, teknologia berriek zein lan sistema ekarri duten ... Nolabait ere teoria guztia sintetizatzeko aukera eman digu, hau da, entzuna bai, baina hain urrutiko eta, sarritan, hain idilizatua genuen jarduera bat humanizatu digu. Kazetariarena, alegia. Onartu beharra dut, honez gero kazetarien egoeraren inguruan ikuspegi apokaliptiko handi xamarra hartzen ari nintzela. Izan ere, editorial potenteek, eta konpetentzia handiek kazetariei gero eta margina murritzagoa uzten diotela sinesten hasia nintzen. Eta, horixe dela kazetaritzaren oraina. Baina, Aiestaranek begiak ireki dizkit. Noski, begiak irekitzea gauza bat da, eta beste bat begiak ireki bezain pronto itsu geratzea. Esan nahi dudana da, bera dagoen tokian zerbaitegatik dagoela, eta bera bezalakoak gutxi direla. Horretarako zer egin behar da? Bada, hasteko, ziurrenik lana. Eta, gero, apustua egin, ausarta izan. Kazetaritza molde horiek landu daitezkeela sinistu, Beno, zure proiektuan sinstu, azken finean. Lanik gabe, ez dago ezer eta hori present izan behar dugu. Aiestaran da horren ispilu.

Baina, bestalde, zalantza bat sortu zait berak egiten duen lanaren harira. Kazetaria ona ala ez, hedabideek Ekialde Hurbilekoa bezalako gatazka batean kazetari bat nahikoa izatea, ez ote da desinteres falta handi xamarra? Ados, Aiestaranen produktua, eta berak hala dio, ona da. Baina, nahikoa al da? Ez al dira hor diru kontuak sartuko, beste behin? Benetan inguru haien berri eman nahi da?

Gustora jardungo nintzake hori aztertzen, baina ez dakit zenbateraino den hori blog hauen helburua.

Azkenik, ohar bat jarri nahi nuke: klabea eskatu zaigu bideoa ikusteko, hain justu, edukiak publiko bihurtzearen beharraz aldarrikapena egin ostean. Azalpenik izango du, baina kontraesana dirudi.