jueves, 4 de noviembre de 2010

Bi aurkikuntza

On-line edukien alde nago! Horixe esan behar dut Mikel Aiestaranen hitzaldia jasotzen duen bideoa ikusita. Inork grabatu eta sarera igo ez balu, ez nukeen horren interesgarria iruditu zaidan saioa entzuteko aukerarik izango. Harri eta zur utzi nau eskuko kamera batek izan dezakeen baliagarritasunak. Emaitzak praktikan ikusten omen dira... Bada, zer esan! Aiestaran zegoen gela hartantxe bertan aurkitu naiz ni ere, bertako solasaldien partaide.

Esan dudanez oso interesgarria iruditu zait hitzaldia. Aiestaran bere lanaz jardun da: Freelance izateak zer gorabehera eta zein eskakizun dituen, nola egiten den lan gatazkan dagoen herrialde batean, teknologia berriek zein lan sistema ekarri duten ... Nolabait ere teoria guztia sintetizatzeko aukera eman digu, hau da, entzuna bai, baina hain urrutiko eta, sarritan, hain idilizatua genuen jarduera bat humanizatu digu. Kazetariarena, alegia. Onartu beharra dut, honez gero kazetarien egoeraren inguruan ikuspegi apokaliptiko handi xamarra hartzen ari nintzela. Izan ere, editorial potenteek, eta konpetentzia handiek kazetariei gero eta margina murritzagoa uzten diotela sinesten hasia nintzen. Eta, horixe dela kazetaritzaren oraina. Baina, Aiestaranek begiak ireki dizkit. Noski, begiak irekitzea gauza bat da, eta beste bat begiak ireki bezain pronto itsu geratzea. Esan nahi dudana da, bera dagoen tokian zerbaitegatik dagoela, eta bera bezalakoak gutxi direla. Horretarako zer egin behar da? Bada, hasteko, ziurrenik lana. Eta, gero, apustua egin, ausarta izan. Kazetaritza molde horiek landu daitezkeela sinistu, Beno, zure proiektuan sinstu, azken finean. Lanik gabe, ez dago ezer eta hori present izan behar dugu. Aiestaran da horren ispilu.

Baina, bestalde, zalantza bat sortu zait berak egiten duen lanaren harira. Kazetaria ona ala ez, hedabideek Ekialde Hurbilekoa bezalako gatazka batean kazetari bat nahikoa izatea, ez ote da desinteres falta handi xamarra? Ados, Aiestaranen produktua, eta berak hala dio, ona da. Baina, nahikoa al da? Ez al dira hor diru kontuak sartuko, beste behin? Benetan inguru haien berri eman nahi da?

Gustora jardungo nintzake hori aztertzen, baina ez dakit zenbateraino den hori blog hauen helburua.

Azkenik, ohar bat jarri nahi nuke: klabea eskatu zaigu bideoa ikusteko, hain justu, edukiak publiko bihurtzearen beharraz aldarrikapena egin ostean. Azalpenik izango du, baina kontraesana dirudi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario