Bideo honetan Julian Isaías Rodriguez, Venezuelak Espainian duen enbaxadoreak, EHUn emandako hitzaldia dugu ikusgai. “La otra historia de la Independencia” konsignapean, Amerikaren historiaz jarduten da. Kolonizazioak gizarte oso bat, historia oso bat hankaz gora nola jarri zuen azpimarratzen du, eta gaur egun, Hego-Amerikan sortu diren mugimendu batasun-zaleei azalpena eta zentzua ematen saiatzen da.
Hitzaldia bukatu eta bideo osoan zehar barruan izan dudan pentsamenduak erabat harrapatu nau. Venezuelako enbaxadoreak hasiera-hasieratik hartzen du jarrera kritikoa. Ohikoa duten bezala, Venezuelarren erretorika apartarekin aldarrikapenezko bilakatzen du hitzaldia. Eta, horregatik, denbora guztian jardun naiz hitzen jatorria, zergatia eta egiazkotasuna bilatu nahian.
Konbentzimendu osoz mintzatzen da. Hego-Amerikaren kolonizazioaren gorabeherak zuritzen ditu, argudioak izan ala ez, egiazko bertsioa, bakarra, berea balitz bezala. Espainiarren jarrera salatzen du, beste ezeren gainetik. Ustezko gizarte zibilizatuak, begiramenik gabe hiru gizarte oso nola zapaldu eta suntsitu zituen kontatzen du. "Aborigenei ez zitzaien ezer onartu, eta ez zuten inolako begiramenik izan haien jarrera aitortzerako orduan", dio Rodriguezek. Alegia, inork ez zuela haien eginahalaz, haien erresistentziaz zor zitzaiena kontatu. Rodriguezek esaten duenez, “herrien duintasun, balio eta kultura ezkutatzeko, baina baita herri baten balore handienak bazterreratu eta garaipena betirako azpimarratzeko” egin zen hori.
Mina nabari da enbaxadorearen hitzetan. Zerizana kendu dioten herri baten ordezkari gisa hitz egiten du, kolonizatzaileek euren lurretan emandako pausuek euren zoriona zapaldu balute bezala. Apaldura aipatzen du, bere herriak jasandako humillazioa. Eta, horrek dena azaltzen du, nire ustez. Berez dena aitortzen ez zaion herri bat, beste batzuen eredua indarrez onartu behar izan duen herria iraindu egin dute halabeharrez, gutxietsi. Sentimendu hori ez da galtzen, eta beste hainbeste lurraldeetan gertatzen denez, herri bati kohesio eta izaera sendoagoa ematen dio. Eta, horixe gertatzen ari da Hego-Amerikan, nire ustez. Kapitalismoak bere hatzaparrak gainean jarri eta aspaldiko mamuen itzala igarri dutenean, eskua eman diote elkarri, berriz ere lehenagokorik ez gertatzeko.
Ondorioak ateratzeko egokiena bideoa entzutea da, noski. Ni ez naiz Venezuelako kontuetan espezialista eta ez dakit zenbateraino datorren bat bere jarduna enbaxadorearen hitzekin. Rodriguezek dio bere gobernuak “zoriontasun handiena” lortu nahi duela, “inor hil gabe, inor bere baldintzengatik bazterreratu gabe”. “Herrialdeen arteko batasuna espirituala izango da eta ez materiala”, gaineratzen du. Hau da, bizilagunen arteko laguntza emateko prest egongo den nazio bat, Simon Bolivarrek amestu bezala. Baina, ezer gutxi gehiago. Oinarri gutxi aipatzen dira, eta horrek sortzen dizkit zalantzak niri behintzat. Hitzaldi iraultzaile asko entzutean horixe gertatzen zait. Iruditzen zait promesa handiak egin, baina oinarriak aipatzea ahaztu egiten dela. Hala ere, mesfidantza baina indar-iraultzaile handiagorik ez dago munduan, akaso mendekua, eta, horixe da, hain zuzen, Venezuelak alde duena. Historia bere odolaz bakarrik ez, bere eskuaz idatzi nahi du.
Baina, beno, lehen ere esan dudanez, behar baino gutxiago dakit Venezuelaz, eta hitzaldi bat entzunda eta periodiko “europeizatu” batzuen kontaketez ezin dut ondorio sakonik atera. Beharbada zuek bai. Bideoa hementxe duzue:
Venezuelako enbaxadorearen hitzaldia from Derinter Online on Vimeo.
No hay comentarios:
Publicar un comentario