Bideoa ikusita eta hizlariaren tonua eta jarrera ikusita badirudi esandakoa sinestea dela onena, eta “begiak irekitzeko” gonbita onartzeko garaia dugula. Nik, egia esan, ona eta txarraren mundu honetan, gauzak erlatibizatzera jo dut, baina egia esan behar badut, gustatu zait hitzaldia, alegia, gustatu zait esandakoa.
Egun, jendeak telebista, “tuboa” du edozertarako gidari: telebistaren arabera egiten ditu jarduera gehienak eta telebistak baldintzatzen du egunerokotasuneko joan-etorri oro. Gauzak zalantzan jartzeko, gauzen inguruan hausnarketa egiteko joera galdu egin da eta halako erantzukizuna, nire ustez munduan mugitzeko ezinbestekoa dena, telebistari, hau da, pertsona ezezagun bati eman zaio. Zehazkiago esanda, interesez beteriko mundu mailako enpresa bati. Eta, noski, horren arriskua izugarria da. Zer esanik ez masaz ari garela kontuan hartuta...
Hizlariak dioenez, makineria konplexua da entretenimendua: okupazioa eskaintzen zaio gizakiari horrela arreta galdu eta pantailatik jasotzen duena muzin egin gabe jan dezan. Bat nator neurri handi batean teoria horrekin, izan ere masa hedabideen helburu nagusi izan edo ez, eskaintzen dituzten eduki askok pertsona “tontotu” egiten dutela uste baitut, alegia, inolako baliorik ez dutela. Horrek ondorio batera eramaten nau eta, horixe, hain justu, hizlariaren tesia da, hau da, pertsonak oharkabean euren burua kaltetzen ari direla. Eta, horrek funtsean ez luke zertan txarra izan behar, izan ere gizakiak betidanik behar izan baitu entretenimendua. Baina, muga bat hautsi dela iruditzen zait eta entretenimendua errealitate, entretenimendua egi bihurtu dela uste dut. Gizakia nahastuta, galduta dagoela, bestela esanda.
Ikuspegi apokaliptiko xamarra da, telebista egungo ebangelioa dela, generazio oso bat dagoela telebistaz haratagoko mundurik ezagutu ez duena, ... hausnarketarako gaia dela ez dago dudarik.
Aitzitik, zalantza moduko bat sortzen zait, eta paradoxikoa da, baina zergatik sinestu hainbeste kritikatzen duen “tubo” horretan bertan hizketan ari zaidanari?
Gauza bat dut argi, eta horrekin bai bat nator: masa-hedabideak mundua kontrola dezaketen armak dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario