Oraingoan lau erreportaien inguruko ariketa proposatu digu irakasleak. Telebistan emanak dira, bi luzeak eta beste biak laburrak. Kazetaritza egiteko modu honek zein esparru zabala eskaintzen digun jakin ahal izan dugu, baina baita zenbat akats egiteko arriskua duen ere. Lau erreportaiak nahiko desberdinak dira euren artean eta berezitasunak aipatzeko, onena banan-banan aitatzea:
1.- Googlei buruzkoa: Lehenik eta behin, esan behar da, aurkezleak bapateko itzultzaile papera hartzen duela. Erreportaia berez alemanieraz egina da eta aurkezleak entzun ahala itzultzen du ahotsa. Oso narratsa da hori egitea, asko moteltzen du jarduna eta, gainera, nire ustez, kazetariari merezi ez duen protagonismo bat ematen dio. Ez hori bakarrik, tonu monotonoan hitz egiten du, bizitasunik gabe eta inprobisazioak eraginda behin baino gehiagotan nahastu egiten da. Bi ordukoa da erreportaia eta modu horretan emanda ez dago inola ere irensterik.
Eta, erreportaiaren kalitateari zuzenean helduta, onartu beharra dago, nire ustez, nahiko aberatsa dela. Irudi aldaketak nahi adina egiten ditu, mapak eta karteltxoak lotsarik gabe sartzen ditu eta alde bateko eta besteko testigantzak partekatzen ditu. Pena koskaka ikusi behar izatea eta ez jarraian, behar den bezala, izan ere, gaia gaurkotasun itzelekoa da.
2.- Linux: Aurrekoan ez bezala, honetan badakigu erreportaia zein testuingurutan eman den, hau da, albistegi batean. Hasteko, hortaz, objektibotasun markatu xamar bat eskatzea zilegi da. Eta, horretan dago lehen hutsa. Objektibotasun eskasa du, objektibotasunaz jarrera bati baina gehiagori tokia egitea ulertzen badugu behintzat. Oso postura nabarmena du berriemaileak. “Zertan datza fenomeno honek?...” galdera horrekin irekitzen du erreportaia eta hortik aurrerakoa kasik merchandising hutsa da. Esan dugunez, testigantzek aktitude bat, postura bat bakarrik islatzen dute eta horrek erreportaiaren arau garrantzitsuenetako bat hausten du. Ez hori bakarrik, berriemaileak testigantzen bidez lortu duen irudia berresten du amaieran, oso agerian bere iritzia emanaz: “indibidualismoekin amaitzen du eta benetako komunitate bat osatzen du”.
Aitzitik, infografia eta ikonografia egokiez ornitzen da erreportaia. Hitzekin bat egiten duten irudiak ematen dira, eta ez dago gehiegi luzatzen den sekuentzia edo efektorik. Alde horretatik egokia iruditu zait.
3.- Formakuntzaz: Erreportaia eskas xamarra aukeran. Lekukotasunetan du oinarria, errealitate bat bertako partaideen testigantzen bidez helaraztea du helburu, baina moduak asmo ona estaltzen du. Motela da oso, planoak luzexkoak dira eta testigantzen artean ikuslea adi mantenduko duen zerbait faltan sentitzen da. Testigantzak kateatu besterik ez ditu egiten aurkezleak, inolako efektu, musika edota, sikera, intonazio aldaketik gabe. Egia da elkarrizketatuei eta irudiei ematen zaiela hitza erreportaia honetan, bi elementu horiek ematen dutela aurkezten denaren berri, baina erreportaia batek aberatsagoa izan behar du. Daturen bat edo beste ematen du aurkezleak, baina ezer gutxi gehiago. Erreportaia ez dago hornituta. Eskasa, hortaz.
4.- Egunkaria: Lauetan biribilena, dudarik gabe. Egunkaria itxiz geroztik abiatu eta Berria gaur dena arte, komunikazio talde baten historia, lan-sistema eta egunerokotasuna gerturatzen dizkigu. Benetan, gai baten berri ematen du.
Hitzik gabe, sotilki, fenomeno osoa nola uztartu zen, huraxe islatzen duten irudiak ikusirik jasotzen dugu. Eta, bertako kideek burua altxa bezain pronto, erreportaiak ere irmotasuna, bizitasuna hartzen du. Fenomenoa indartu ahala, erreportaia argitzen joaten da eta Berria zer den eta nola lan egiten duen kontatzen da, Egunkariarekin egindakoaz diharduten kolore guztietako pertsonaien testigantzak tartean sartuaz. Benetan osoa da lana. Musikak leuntzen ditu, saltoak; testigantzetatik kontaketarakoak eta alderantziz. Kazetariek beraiek nola lan egiten duten erakusten digute, erreportaiak egunkariaren sekzioetan barrena egiten duen bidaian. Horretan, iruditzen zait bete-betean asmatzea dela bertako ahotsa helaraztea, esan nahi dut, ez inori mikro propiorik jartzea baizik eta giro-soinua eskuratzea. Gabineteak egiten dituen bileratan ahotsa horrela jasotzen dugu, eta benetan gabinete horren partaide garela dirudi.
Kronologikoki oso ondo eramana dago; egunkari baten itxiera hartu abiapuntu, eta berria inprentan inprimatu eta gero banatzaileek nola banatzen duten erakutsiaz bukatu. Areago, irakurle berrien eskuetan erakutsi. Aurkezlea isilik mantentzen da. Oso humanoa iruditu zait, konplizitate itzela sortzen duelako. Biktimek eurek kontatu dute albistea. Ez dago hori baina ezer hobeagorik.